VII. Atala. Arartekoaren berrikuntza jarduerak
VII. Atala. Arartekoaren berrikuntza jarduerak
Garai guztietan, eta areago krisi garaietan, beren funtzionamenduan honako alderdi hauek txertatzen dituzten erakundeek egin ohi dute aurrera:
- Etengabe hobetzea
- Berritzea
- Gizartearen beharrak aktiboki entzutea
Arartekoak, eskubideak bermatzeko erakunde gisa, irmoki egin beharra zuen helburu horiek, latenteak jadanik eguneroko lanean, bere ohiko funtzionamenduan eta estrategian ezartzearen alde. Izan ere, erakundean balioztatu beharreko alderdia da, ondoreak bi noranzkotan dituena. Barruranzko ondoreak: antolaketa hobetzea, hobetzeko metodologia sartzea eta eraginkortasun handiagoa lortzeko tresnez hornitzea; eta kanporanzkoak: baliabideak antolatzea, bere lanaren hartzaile diren erakunde, talde eta pertsonekin modu aktiboagoan lankidetzan aritzeko.
Ildo horretako beste elementu bat da ugaritu egin direla Arartekoaren esku-hartzeak, eta ez bakarrik haren agerbiderik ezagunenean, herritarrek aurkeztutako kexen ebazpenetan, baizik eta baita ofiziozko jarduketetan, antolatutako edo antolatu gabeko gizartearekiko harremanetan eta Arartekoa egituratuta dagoen lan-arlo bakoitzeko jarduketa-planen ondoriozkoetan ere.
Arartekoak helburu horiekin lan egiteko ezarri dituen lehen tresnak honako hauek dira:
1. Estrategia eta antolaketakoak:
• 2010eko martxoaren 8an, Arartekoaren Helburu Programatikoak 2010-2010 aldirako.
• Konpromiso publiko horiekin, helburu hauek lortu asmo dira:
- Arartekoan beste antolaketa eta egitura bat ezartzea.
- Haur eta Nerabeentzako Bulegoa eratzea.
- Arartekoaren baliabideak, jarduketak eta lan-tresnak etengabe modernizatzea.
- Giza eskubideak eta horiei dagozkien balioak sustatzeko jarduketak indartzea.
- Eztabaida-esparruak finkatzea, gizarte-erakundeekin harreman eta lankidetza arinak eta aktiboak izateko, herritarren parte-hartzea bultzatzea eta antzeko erakundeekiko harremanak indartzea.
Halaber, indartu beharreko hiru eremu ezarri dira:
• Arartekoaren bitartekari-lana.
• Administrazioen eginera onak sustatzeko lana.
• Demokraziaren balioan sakontzea, herritarrei parte hartzeko modua emanda.
• Arartekoaren Antolaketa eta Funtzionamenduaren Araudi berria onestea. Horren bidez, ordezkatu egin da 1997ko ekainaren 23an onetsitako araudia, 2010eko martxoaren 24an argitaratutakoa.
Araudia erreformatzeko arrazoia da azken urteetan Arartekoa sendotu egin dela, lan-arlo berriak sortu direla eta euskal gizarteari ematen dizkion zerbitzuak gehitzeaz bat handitu dela.
Araudi berrian ondo islatzen da zein beharrezkoa den Arartekoaren egitura egokitzea ahalik eta antolaketa moderno eta eraginkorrena izateko errekerimenduei erantzuteko, eta, horretarako, zerbitzu publikoen kalitatea hobetzeko parametroekin lan egitea proposatzen da. Bestalde, bi zuzendaritza espezifiko sortu dira: Haur eta Nerabeentzako Bulegoa, eta Gizarte Harremanetarako, Azterketetarako eta Modernizaziorako Zuzendaritza.
Arartekoan, lanaren antolaketa modu honetara geratu da:
- HAUR ETA NERABEENTZAKO BULEGOA (Bulegoak 2010. urtean zer jarduera izan duen jakiteko, ikus urteko txosten honen aparteko agiria).
- ARRETA PUBLIKOA BEHAR DUTEN TALDEEN ARLOAK (11 arlo). (Ikus txosten honetako III. kapitulua).
- ARLO MATERIALEN EREMUA (16 arlo) (Ikus txosten honetako II. kapitulua).
Hain zuzen, Modernizazio Zuzendaritza eta informazio, ezagutza eta datuen babeserako teknologien arlo materiala sortu izanak erakusten du helburu estrategiko horiek martxan jarri direla (ikus txosten honetako II.13 kapitulua).
• Zerbitzu-karta egitea.
Modu publikoan, Arartekoak katalogatu egiten ditu ematen dituen 16 zerbitzu orokorrak. Horietako batzuek (herritarrekin zuzenean loturikoak) Arartekoaren zerbitzu-karta osatuko dute 2011. urtean.
• Arartekoaren prozesuen eta prozesu-mapen definizioa:
Prozesuak hobetu aurreko urrats gisa, Arartekoaren prozesu giltzarriak identifikatu eta definitu dira, barneko lanaren ibilbilde-orri moduan. Horretarako, parte hartzeko barne prozesu bat egin da erakunde osoan, eta 6 prozesu estrategiko, 9 prozesu-eragile eta 11 euskarri-prozesu zehaztu dira. Horien zeharkako ardatzak honako hauek dira: giza eskubideen eta haurren eta nerabeen eskubideen gaineko sentikortasuna eta kontzientzia sustatzea, bai eta euskal administrazioetan eginera onak sustatzea ere.
Halaber, Arartekoaren lanaren hartzaileak honako hauek direla berretsi da: euskal herritarrak, Eusko Legebiltzarra eta euskal administrazio publikoak ‑Arartekoaren arauditik bertatik ondorioztatzen denez‑, baina prozesu horietan modu abantailatsuan txertatuta.
Lan horren azken helburua da prozesuak eta horien adierazleak harmonizatzea, Arartekoaren jardueraren eta hobekuntzen argazki dinamiko bat izateko.
Halaber, grafikoki zehaztu da zein diren prozesu garrantzitsuenen izapideak, eta metodologia bat ezarri da, horiek berriro aztertzeko eta errazteko, bide elektronikoetatik ematen diren zerbitzu publikoen kalitate errekerimenduarekin bat etorriz, herritarrak zerbitzu publikoetara bitarteko elektronikoz sartzeari buruzko ekainaren 22ko 11/2007 Legearen 34. artikuluak proposatzen duen bezala. Bertan adierazten denez, bitarteko elektronikoak prozeduren kudeaketari aplikatu aurretik, horiek erraztu egin beharko dira, murriztu egin beharko dira epeak eta erantzuteko denbora, eta ezabatu egin beharko da datuen transmisio bidez herritarrei eskatutako dokumentazioa ‑baita administrazioen artekoa ere‑, administrazio elektronikoaren eremuan Elkarreragingarritasunaren Eskema Nazionala arautzen duen urtarrilaren 8ko 4/2010 Errege Dekretuak ezartzen duen bezala.
Lehen emaitza Arartekoaren oinarrizko prozesua berriro definitzea izan da: kexen prozesua. Gainera, 2011. urtean ezarritako diren hainbat aldaketa zehaztu dira, hala nola:
• herritarrekiko harremanetarako bide ugari ezartzea,
• kontsultak eta berez kexa direnak bereiztea,
• informazio elektronikoaren sistema berriro zehaztea,
• prozedura erraztea eta estandar bihurtzea,
• espediente elektronikorako oinarriak ezartzea, eta
• sinadura elektronikoa ezartzea.
- Jarduera-planak egitea (modu espezifikoan garatuko dira II. eta III. kapituluetan) Arartekoaren lan-arlo bakoitzerako, arloa kudeatzeko plan gisa. Plan horiek Arartekoaren helburu programatikoekin loturik egongo dira.
Hala, garrantzi berezia eman zaie elkarteekin eta administrazioekin bilerak egiteari, zentro eta zerbitzuak ikuskatzeko bisitak egiteari, gomendio orokorrak egiteari, ohiz kanpoko txostenen jarraipena egiteari, arloa hedatzeari eta herritarrekin elkarreraginean jarduteari, hainbat formaturen bitartez.
2. Teknologikoak:
• Informazio Sistemen Plan Estrategikoa egin da. Plan hori zuzenean lotuta dago 2011. urterako proiektatutako antolaketa-eraberritzeekin, eta hiru urteko iraupena izango du. Jarduketa hauek biltzen ditu:
- Antolaketa eta kudeaketa, prozesuka,
- ezagutzaren kudeaketa,
- gaur egungo aplikazioen hobekuntza,
- kudeaketa-funtzioaren garapena, eta
- informazioaren segurtasun logiko eta fisikoa.
• dokud-e dokumentu-kudeatzailea amaitzea:
horren bidez, dokumentu-gordailu bat sortuko da Arartekoaren prozesu guztietarako, langune bereiziak eratuta. Gordailu horretan segurtasun eskakizunak inplementatuko dira, eta kexen izapideak jasotzen dituen aplikazioarekin integratuko da; horrez gain, sinadura-karpeta bat izango du, sinadura elektronikoa aplikatzeko eta elektronikoki sinatutako dokumentuak modu seguruan enkriptatzeko.
Software libreko tresna bat da, neutraltasun teknologikoa bultzatzearekin bat datorrena. Izan ere, Arartekoan jakitun gara halako teknologiak oso garrantzitsuak direla, erabiltzen errazak direlako eta komunitateak berriro aprobetxatzeko aukera duelako. Horrek erabaki hau eta beste batzuk ekarri ditu, gizarte-garapen honi bide ematen dioten tresnei lotuak.
• Arartekoaren web ataria hobetzea.
Web gunea hobetzeko proiektuaren helburua honako hau da:
- itxura moderno eta soilagoa ematea, berrikuntzak nabarmenduta,
- Haur eta Nerabeen Bulegoa indartzea,
- beste webgune batzuetatik Arartekoaren orrietara sartzeko loturak ugaritzea,
- informazioaren erabilgarritasuna eta kokapena erraztea,
- ezgaitasunen bat duten pertsonen irisgarritasuna ziurtatzea,
- edukiak modu intuitiboagoan kudeatzea eta kokatzea,
- euskarria ematea beste menu, atal, webgune eta microsite batzuk sartzeko,
- ikusizko eduki gehiago, filmak, audioak, widget-ak sartzea,
- sindikatzea eta gizarte-sareekiko harremana erraztea,
- herritarrei sarbide telematikoa eta Arartekoarekiko harremana ahalbidetzea, eta
- barruko eta kanpoko lankidetza-sareetarako sarbideak izatea,
- web ataria herritarrekiko lankidetza-plataforma gisa sortzea pixkanaka, herritarrak zerbitzu publikoetara bitarteko elektronikoz sartzeari buruzko ekainaren 22ko 11/2007 Legeko 34. artikuluarekin bat etorriz.
• Teletramitazio-proiektua, Eusko Jaurlaritzarekin:
Proiektu horren bidez, modu telematikoan ordezkatuko dira gaur egun Arartekoak eta Eusko Jaurlaritzak elkarri bidaltzen dizkioten paperezko idazkiak, herritarrek aurkeztutako kexa-espedienteen esparruan (gaur egun Arartekoak egiten dituen ofizio eta dokumentuen %50 baino gehiago dira).
Modu horretara, elektronikoki sinatutako posta jaso eta bidaliko da, dokumentuak enkriptatuta, segurtasun-berme guztiekin. Halaber, bermatuko da Arartekoaren eskaerak 24 ordu igaro baino lehen bidaliko dizkiola Gobernu Idazkaritzak sail bakoitzari, eta haiek emandako dokumentazioa epe horren barruan bidaliko dela ostera.
Proiektuaren helburuak:
- Prozesuak arintzea eta laburtzea (lehen aipaturiko sarbide elektronikoari buruzko Legeko 34. artikulua aplikatuz)
- Konexio seguruak
- Hartu-agirien kontrola
- Irakurketa-kontrola
- Bidalketa segurua. Sinatzea
- Behin betiko bidalitako dokumentua eskuratzeko modua ematea, dokumentu-kudeatzailetik.
2010. urtean, proiektua noraino iristen den zehaztu da, azpiegiturak garatu dira, bidalketen formatua zehaztu da, nola enkriptatuko den zehaztu da, eta abar. Halaber, dagozkion probak egin dira, 2011. urtean ezarri ahal izateko.
• Izapidetzen ari den Arartekoaren dokumentazioa digitalizatzea.
2010. urtean, bi arlotan jardun da: paperean jasotako dokumentazioa eskaneatu da eta digitalki gehitu da Arartekoaren kudeaketa-aplikazioetan, eta urte horretan oraindik izapidetzen ari ziren espedienteetako dokumentazioa digitalizatu da, atzeraeraginarekin. Proiektuaren helburuak honako hauek dira:
III. Dokumentazio guztia kontsultatzeko moduan egotea, aplikazioen bitartez: kexen eta dokumentu kudeatzailearen prozedura.
III. Espediente elektronikoan aurreratzea.
III. Arartekoaren hiru bulegoen artean espedienteak atzera-aurrera ibil daitezen saihestea.
3. Etengabeko hobekuntza/kalitatea:
• Urteko txostena eta ezohiko txostenak hobetzea
Txostenak egiteko era nahiz horien formatuak eta hedatzeko modua hobetzeko proposamenak erakunde barruan aztertu ostean, formatu elektronikoarekin lan egitearen alde egin da, hedatzeko onena eta erreferentea hori delakoan. Hala eginez gero, nabigagarria izango da atal guztietan, eta biltzaile baten laguntzarekin nahi den informazioa aurkitu ahalko da, esteka bidezko sarrerekin, pasahitza edo administrazioak, araudia eta halako erreferentziak sartuta. Horrek bide emango du webguneko arlo jakin batzuk beste webgune batzuekin, beste erakunde batzuekin eta abarrekin lotzeko.
Orobat, bere hartan utziko dira liburu formatua eta CD euskarri digitala, baina ale gutxiago aterata.
Webguneari erantsitako formatu elektroniko hori hainbat euskarritan egongo da: pdf, html, xml; hala, errazago erabili ahalko da. Horrez gain, datu ireki guztiak (open data) kargatu ahalko dira web guneko berrikuntza-atalean, eta, modu horretan, herritarrek libreki berrerabili ahalko dituzte.
Hain zuzen ere, berrerabiltzeko aukera horren informazioa emateko, creative commons lizentzia erantsi da Arartekoaren ondoz ondoko edizio eta argitalpenetan. Lizentzia horrekin, txosten horiek berrerabiltzeko aukera ematen da.
• Laneko giroari buruzko barne inkestak
Hobetzeko konpromisoak Arartekoaren barne eremuak ere hartzen ditu, hala nola:
- prestakuntza eta ikaskuntza,
- laneko giroa eta baldintzak,
- laneko antolaketa,
- arlo guztietako harremanak, eta
- laneko bitarteko materialak eta tresnak.
Etengabeko hobekuntzaren metodologia aplikatu ahal izateko, ezinbestekoa da tresna egokiak izatea, zenbat aurreratu edo atzeratu den neurtzeko. Horregatik, barne inkesta bat egin zaie, modu anonimoan, Arartekoa osatzen duten pertsona guztiei. Inkesta hori urtero egingo da, aldaketak zein eremutan egin aztertzeko eta aldaketa horiek ondo hartu eta baloratu diren ebaluatzeko.
• Ingurumena hobetzeko sistema
Ingurumena hobetzeko sistema hau aurten hasi gara ezartzen. Hori garatzeko erreferentzia gisa, 2004ko Ekoskan araua hautatu dugu, IHOBE Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Jarduketarako Sozietate Publikoak sustatutakoa.
Sistema hori ezartzeari dagokionez, Arartekoak konpromisoa hartu du bere jarduera eta zerbitzuek ingurumenean eragin ez dezaten neurriak hartzeko, erakundearen kudeaketan ingurumen-irizpideak aplikatuta. Konpromiso horrekin, Arartekoak ingurunea zaintzeko erantzukizuna partekatuko du administrazio publikoekin, gizarte zibileko eragileekin eta herritarrekin.
Ingurumena kudeatzeko sistema hori ezartzeko prozesuan, diagnostiko bat egiten ari gara, Arartekoaren hiru egoitzetan egiten diren jardueren ingurumen-egoera zein den jakiteko. Zenbait ekintza identifikatu dira erakundearen ingurumen-portaera hobetzeko, hala nola erosketa eta kontratazio publiko berdea ezartzea, energia-kontsumoa optimizatzea eta hondakin plastikoak murriztea, hala nola ur basoak eta botilak.
• Arartekoaren prozesuak hobetzea
Kapitulu honetan bertan Arartekoaren prozesuak definitzean azaldu den bezala, erakundearen prozesurik esanguratsuenak hautatu ditugu: (kexen prozedura, urteko txostena, ezohiko txostenak, webgunea, jarduketa-planak, jarraipena, argitalpena, itzulpenak eta abar). Horrez gain, grafikoki garatu da prozesu osoa, gaur egun egiten den moduan, alderdi hauek identifikatuta: zein diren hobetu beharreko arloak eta zein diren arlo horien arazo nagusiak, zerk sortzen dituen arazo horiek eta nola konpon litezkeen.
Xehekien aztertu den prozesua, berriro diseinatu aurreko pauso gisa, ebazpenen gaineko informazio, izapide eta bidalketa izan da. Horri dagokionez, 2011. urtean ez da soilik diseinu berria ezarriko, baizik eta prozesuen araberako kudeaketa-metodologiarekin hasiko gara lanean; horretarako, lehenik eta behin, hobekuntza taldea eratuko da.
• Arartekoaren kalitate eta eginera onen konpromisoak. Zerbitzu karta
Arartekoaren oinarrizko xedea da herritarrei albait kalitate handieneko zerbitzua ematea, hala denboran nola forman, modu erraz eta gardenean. Horretarako, administrazio publikoekin jartzen da harremanetan, herritarrek beren eskubideak nola baliaraz ditzaketen ikusteko.
Printzipio horiek ezartzeko –azken hamarkadetan sendotzen ari diren kudeaketa publikoko eredu askotan agertzen dira eta erreferente berezi gisa Europar Batasunaren Oinarrizko Eskubideen Gutuneko 41. artikulua du, halakotzat hartzen baitu administrazio on bat izateko eskubidea–, Arartekoaren eguneroko jarduera balioztatu behar da, konpromiso sorta bat hartuta, bere eginkizunak hobeto bete ahal izateko, euskal herritarrek sumatzeko moduan.
Hori horrela, Arartekoan bi ildotan ari gara lanean:
- Barrura begira: Arartekoaren kalitate eta administrazio-eginera onen konpromisoak landuz. Horren bidez, administrazio on baten oinarrizko ezaugarriak lortuko dira: eskuragarritasuna, gardentasuna, arintasuna, sinplifikazioa, etengabeko hobekuntza, erantzukizuna, jendetasuna, lankidetza eta partaidetza.
- Herritarrei begira. zerbitzu-karta onartuta, Arartekoari buruzko informazio hau emango zaie, publikoki, herritarrei: zer zerbitzu ematen dituen, nola ematen dituen eta zer konpromiso hartzen dituzten erakundeko kide guztiek harekiko harremanetan eta beren lana egitean, kalitate eta ebaluazio estandarrekin bat etorriz.
Karta horren barruan sartuko dira Arartekoak jendeari begira ematen dituen zerbitzuak (8), kalitate-konpromisoak, kalitate hori neurtzeko adierazleak eta erabiltzaileen eskubideak.
Bi ildoak aztertzen ari gara erakundearen barnean, 2011. urtean onesteko helburuarekin.
• Adierazleen tresna bat diseinatzea (Bussines Inteligence). Horren bidez, Arartekoaren jarduerari buruzko datuak aztertu ahalko dira, eta konparazio-txostenak egin ahalko dira, kalitate eta eraginkortasun adierazle zehatzekin, hala urteko txostenerako nola Arartekoaren hurrengo zerbitzu-kartarako; horren oinarria software librea aplikatzea izango da. 2011. urtean ezarriko da, zerbitzu-kartarekin batean.
• Prestakuntza eta trebakuntza
Pertsonen trebakuntza oinarrizko eskakizuna da edozein erakunderentzat. Gaikuntza horrek, gainera, egituratuta eta planifikatuta egon behar du, eta, horretarako, Arartekoak, Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundearekin elkarlanean, erakundea osatzen duten pertsona guztien prestakuntza-beharren gaineko diagnostiko bat baliatu ahal izan du. Diagnostiko hori izango da Arartekoko langileen hurrengo hiru urteetarako prestakuntza-planaren oinarria.
4. Lankidetza-proiektuak:
• Komunikatzeko eta parte hartzeko barneko gizarte-sare bat egitea eta abian jartzea: Sareararteko. Tresna hori software libreko tresna batean oinarrituta dago, eta Wordpress 3.0 eta Buddypress blog komunitatearen bitartez eratua dago, Arartekoaren berezko baliabideekin. Hala, hori baliatuko da barneko informazioa antolatzeko eta dinamizatzeko (intranetarekin eta posta elektronikoarekin batera), erakundearen eta intereseko beste batzuen berriei edo jarduerei buruz hitz egiteko, sortutako taldeetan lan egiteko, eta blog tematikoak eta wikiak erabiltzeko; azken batean, horren bidez, indartu egingo da erakundearen ezagutza partekatua, bai eta edukiak eta proiektuak elkarrekin sortzeko bidea ere.
• Defentsa-erakundeak sarean:
Andaluziako Herriaren Defentsa Erakundearekin batera abian jarritako lankidetza-proiektua, hori ere guk egina, aurreko atalean aipaturiko software libreko tresna berean oinarritua. Horri esker, 2011. urtean burutuko diren hainbat proiektu hasi ahal izan ditugu, hala nola: haurren eta gazteen osasun mentalari buruzko txosten bateratu bat egitea, bi defentsa-erakundeen informazioa partekatzea, sartze digitalari buruzko ezohiko txosten bat egitea eta, horrekin batean, lankidetza-proiektu bat antolatzea gizarte-erakundeekin, ingurumen-informazioaren esparruan.
• Arartekoaren blogak:
Zenbaitetan, erakundeak herritarrei zabaltzeko bidea izan litezke erakundeetan egunero edo gertakari baten harira baliatzen den ezagutza partekatzeko modua ematen duten estrategia eta bitartekoak. Helburu horixe dute gure blogek.
- Gaurko agiri berriak blogean, 2011. urtean ere –ahal bada are bizikiago–, herritarrekin partekatuko ditugu gure erakundearen eguneroko lanerako hautatzen ditugun dokumentuak, Wordpress-eko blog baten bitartez. Erabiltzen erraza da elikatu behar duten pertsonentzat eta zer informazio duen ikusteko sartzen direnentzat.
- Hiritartasuna sarean blogean, gaiak sakonkiago aztertzen jarraitu dugu, eta interesgarritzat jotzen ditugun gaiei buruko dosier dokumental bat eginez informatu dugu.